Ikastolen Hizkuntza Proiektuaren helburua euskaran eta euskalduntasunean ardazten den eleaniztasuna garatzea da. Hartara, Hizkuntza Proiektua ikastolan lantzen diren hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntzari eta erabilerari dagozkien alderdiak biltzen dituen eta haien trataerari koherentzia ematen dion egitasmoa da. Egitasmo integrala da, eta Ikastolaren eremu guztietan -- ikaskuntza-irakaskuntzan, eskola-komunitatearen harremanetan, eta Ikastola txertatuta dagoen gizarte hurbilekiko harremanetan-- eragiten du.
Ikastolen Hizkuntza Proiektuak, beraz, bi esku-hartze eremu nagusi ditu:
- Ikastolako eremu instituzionala: eremu honen barruan biltzen diren alderdiak ikastolaren eraketarekin eta gizarte-harremanekin lotuta daude, eta ikastolan nahiz ikastolatik kanpo hizkuntza gutxituaren erabilera sustatzeko eta babesteko helburua dute nagusiki.
- Ikastolako eremu pedagogikoa: eremu honetan hizkuntzaren garapenean eragina duten irakaskuntza eta ikaskuntza prozesu guztiak biltzen dira eta, horiez gain, xede pedagogikoak dituzten eskolaz kanpoko jarduerak ere jasotzen dira. Atal honetan sartzen da eleanitz